jueves, 15 de enero de 2009

Entzun aldizkaria 2009-I-15

                                                                    Argazkia: Mentxu


http://www.entzun.com/entrevistas_view.php?uuid=1983

GORA JAPON erritmo hautsi eta dantzagarriak
Gora Japon bikoteak kalean du estreinako diskoa Bidehuts plataformaren eskutik. Myriam (bateria eta ahotsa) eta Jon (gitarra eta ahotsa) dira Gora Japon. Biek ala biek musikaren erritmoa, taupada, nabarmentzen dute euren jarioa azaltzerakoan. Agian, hortik dator diskoan antzeman daitekeen funk eragina. Hala ere, jazz, bossa, no wave, edo beste hamaika estiloren arrastoak suma daitezke.




Musika estiloak gorabehera, inprobisazioa du ardatz bikoteak bere musika gauzatzerakoan. Emaitza pertsonala bezain dantzagarria da. Bidehuts ezustez beteriko bide bikaina egiten ari da pausuz pausu. Jonek eta Myriamek dute hitza.


Diskoa jada kalean dago, pozik zaudete emaitzarekin? Zergatik aukeratu duzue Bidehuts?

Jon (J): Diskoa Karlos Osinagarekin grabatu genuen Tolosako Bonberenea estudioan. Karlos Lisaböko eta Bidehutseko partaide denez hortik sortu zen harremana. Ez du diskoetxe arrunt baten gisa lan egiten, kolektibo moduan funtzionatzen du. Jarri ziguten kondizio bakarra SGAEn ez egotea zen, eta guk asmorik ez genuenez, bada, dena ondo.


Hasteko, diseinuak erabat harrapatu nau, ez da oso ohikoa horrelakoak ikustea gurean.

Myriam (M): Ideia pare baten inguruan berba egin eta gero, presaka genbiltzan eta zer edo zer erabaki behar zenez, bilaketan genbiltzala begi aurrean kolore horiek ikusi genituen. Bat-batean aukeratu genituen. Asko gustatzen zait emaitza.


Grabazioan zuzeneko doinua harrapatu nahi izan duzue. Nola sentitu zarete estudioan?

J: Bai, orain artean zuzenean jotzen genituen kantuak grabatu ditugu eta zuzenerako prestatuta zeuden bezala egin ditugu. Hala ere, grabatzeko gauzarik zailena izan da hori, alegia, zuzeneko indar eta freskotasuna gordetzea.


Diskoan estilo asko jorratu dituzue eta emaitza nahikoa dantzagarria dela iruditzen zait. Erritmoa, musikaren taupada nagusitzen da; sumatzen den funk arrasto hori...

M: Batez ere erritmoetatik abiatzen gara eta dantzagarriak izatea garrantzitsua da guretzat. Nire aldetik behintzat helburuetako bat bada. Zuzenekoetan jendea dantzatzera eramatea esperientzia ikaragarria da! Nire ustetan funk eragina inprobisazio momentuetan baino, kantuetan islatzen da gehiago. Erritmoak bizitzea eta une oro era naturalean agertu eta gertatzen diren nobedade edo aldaketak onartu eta horiei presentzia ematea da gure asmoa.


Diskoko azken kantua, Reggaeton, aurreko dantzagarritasun horren isla izango litzateke. Nola sortu da kantu hau?

J: Kantu hori besteak bezala sortu da: zerbaitekin hasi, erritmoarekin kasu honetan, eta gero aurrera segi. Letra aldetik hasieran bagenituen kantu gehiago portugesez, baina azkenean hau bakarrik geratu da. Eta honetan Pessoaren hitz batzuk hartu genituen eta collage moduan egin genuen, “moztu eta itsatsi” teknika erabiliz.


Zuen formatuak ere, -gitarra eta bateria-, musika baldintzatuko du. Nolanahi ere, grabazioan kolaboratzaileren bat ere izan duzue eta Jonek teklatuak ere jotzen ditu.

M: Bai, kondizionatzen du, baina era berean muga edota baldintzek bilaketara bultzatzen gaituzte, eta norberarentzat oso berriak diren gauza edo egoeretan murgiltzea oso aberasgarria da. Planteamendu larregi egin barik suertatzen edo sortzen denari ekinez posibilitate edo bide berriak aurkitzen dira. Diskoan, musika elektronikaren mundu zabalean dabilen Xedh-en ekarpena izan dugu bi kantutan. Asko aberastu ditu bi doinuak eta niretzako lortu duen konbinazio berria goraipatzekoa da. Aupa Xedh!


Horren harira, beste kiderik sartzea edo formazioa zabaltzea pentsatu duzue inoiz? Uste dut hasieran kontrabaxu batekin jotzen zenuela…

(J): Bai, jendeak pentsa dezake gitarra eta bateriak osaturiko duo bat egiteko asmoarekin sortu zela taldea, eta jada estiloa ere pentsatua zegoela, baina ez da horrela. Hasieran ez genekien zer egin behar genuen. Eta bai, kontrabaxu jole bila ibili ginen, Getxoko kontserbatorioan ere egon ginen ea gaztetxoren bat aurkitzen genuen, baina ezer ez.


Hitzen hizkuntzei dagokienez, ingelesa, gaztelania, euskara eta portugesa erabili duzue. Ematen du hitzen esanahiak baino hitzen soinuak direla garrantzitsuak.

(M): Ahotsari, instrumentu bezala etekina ateratzen saiatzen gara. Beraz, esango nuke faktore guztiak inplikatzen edo parte hartzen dutela berbak erabiltzeko orduan; hizkuntzak eta euren berbak erreminta interesanteak dira: formak, soinuak erritmoen barruan, beti ere esanahiak ahaztu barik. Belarrietatik hurbilago (edo urrunago) dauzkagun hizkuntzetatik hartzen ditugu, hala edo nola aukeratze naturalaren bitartez. Nire kasuan ingelesez idazten ditut hitzak batik bat, beste batzuekin konbinatuta. Ingelesak daukan musikaltasunean gustura nabil.


Diskoa labur gelditzen da…

J: Bai, kasu honetan hala nahi genuen. Kontzertuak ere oso laburrak izaten dira. Hala ere, zuzenean pixka bat gehiago jo nahi dugu, bestela beti 40-45 minututan gelditzen gara.

Duela gutxi, Atom Rhumbako Rober!-ekin aritu izan zarete kontzertu berezi batean pelikulen soinu bandak moldatzen.

(M): Topaketa oso atsegina eta proiektu zeharo berria garatzea oso behar polit eta bizia izan da. Gauzak oso erraz irten ziren eta horrek eragiten duen unea paregabea da. Azken boladan, kontzertuetarako kolaborazio desberdinak gauzatu ditugu eta guretzako denak izan dira aberasgarriak. Mugimendua gustuko dugu, tartean, honako hauekin jo dugu: Inazio Escudero (gitarra jolea), Maite Arroitajauregi (biolontxelo jolea), Betto Snay rap abeslaria (Kongokoa; Barakaldon bizi da) eta aipatu dugun Rober!. Xedh-ekin zuzeneko baten jotzeko gogoz gabiltza, eta bai, honelako nahasteekin jarraitzeko asmoa badago.
Julen Azpitarte

No hay comentarios: