domingo, 18 de enero de 2009

Berria egunkaria 2009-1-17

      foto: Mentxu


2009-01-17
MYRIAM ETA JON - GORA JAPON TALDEKO KIDEAK
Musika tresna gutxirekin eta ahotsekin egindako erritmo jolasak eta blues primitiboa ondu ditu Gora Japon bikoteak lehen diskoan.
«Gustatuko litzaiguke jendea izerditan ikustea»
GORKA EROSTARBE
Bi lagunek osatzen dute taldea: Myriamek (bateria, perkusio txikia, eta ahotsa) eta Jonek (gitarra, tronpeta eta ahotsa) -izenez soilik nahi dute ezagutarazi euren burua-. Dimakoa (Bizkaia) da aurrena eta Zumaiakoa (Gipuzkoa) bigarrena. Baina Bilbon sorturiko egitasmoa da Gora Japon. Zortzi abestiz osaturiko lehen diskoa, taldearen izen berekoa, kaleratu dute Bidehutsen eskutik.

Zergatik Gora Japon?

Jon: Izen bat da besterik gabe. Bi kontzeptu nahiko kontrajarri biltzen dituen izen bat, gertuko zerbait, hemen dezente erabiltzen den esamolde bat (gora) eta urruneko zerbait (Japon). Emaitza absurdo samarra da.

Perkusioak, gitarra eta ahotsak. Gutxirekin sor liteke musika?

Jon: Bai, dudarik gabe. Ahotsarekin bakarrik sor daiteke, edo harri kozkor batekin, ez da askorik behar. Hala ere, bagabiltza elementu berriak ere probatzen, teklatutxo bat, sanplerra... Batekin baino gehiagorekin kolaborazioak egiten ere bagabiltza.

Formatuak berak ez al zaituztete mugatzen? Edo muga horrek berak bultzatzen zaituzte arriskatzera, ertzak bilatzera?

Myriam: Egia esan bai, mugatzen gaitu; baina beste era batzuk topatzen edo probatzen ekitera eroaten gaitu, eta gure mugak ezagutu edota perspektiba berrien aurrean ipintzen gaitu bi bakarrik izate horrek. Azken batean, daukagunarekin aurrera egitea.

Fugazi, The Jon Spencer Blues Explotion, Pixies (ahotsetan) dakartza gogora zuen musikak. Ezer esaten al dizuete talde horiek? Besteren bat gehituko al zenukete?

Jon: Bai, Jon Spencer-en eragina batek baino gehiagok esan digu, baina benetan ez gara talde horren jarraitzaileak. The Ex taldea ere esan izan digute. Bitxia da nola entzulearen arabera eraginak aldatzen doazen, zerrenda gero eta luzeagoa dugu. Pixies taldearena esaten diguten lehen aldia da.

Biko formatu horrek, berriz, Belly Button eta Sabot dakartza gogora...

Myriam: biko formatua ez da berria. Talde eta proiektu piloa daude era horretan; bi talde horiek justu ez ditut ezagutzen.

Gitarrarekin erritmo marrazkiak egiten dituzu Jon. Batzuetan, baxuaren papera ere hartzen du. Jolas erritmikoak interesatzen zaizkizue melodien gainetik?

Jon: Batzuetan, baxua bezala jotzen dut gitarra bai, eta, beste askotan, perkusio instrumentu bat bezala. Erritmoarekin asko jolasten dugu, batak bestea entzun eta momentuan erabaki nora joan gaitezkeen. Inprobisazioari ere beti uzten diogu tarte bat.

Diskoko zortzi kantuak haize bufada bakar bezala igarotzen dira. Jarraikortasun eta erritmo handia du lanak bere osotasunean.

Myriam: Bai, egia esan haize bufada itxura pixka bat badugu, eta diskoak hori islatzen du.

Elementu soil horiekin dantzarako gogoa sortzen dute zuen abestiek. Dibertsioa ere bilatzen duzue?

Jon: Polita da agertokitik jendea dantzan ikustea. Ez dugu egiten musika guztia dantzatzeko modukoa, baina kontzertu batzuetan lortu dugu jendea mugimenduan jartzea. Gustatuko litzaiguke jendea benetan izerditan ikustea.

Bidehutsetik jaso zenuten diskoa grabatzeko eskaintza. Nolakoa izan da zuen harremana?

Myriam: Diskoa Karlos Osinagarekin grabatu genuen Tolosako Bonberenean, eta grabaketan jaso genuen Bidehutsen partetik diskoa kaleratzeko proposamena. Guri oso ondo iruditu zitzaigun.

Inoren Ero Nirekin arituko zarete gaur. Ilusioa, ardura, zer sentitzen duzue?

Jon: Ilusioa. Gogoz joango gara. Bap-en garaitik jarraitzen ditugu Inoren Ero Nikoak, eta dudarik gabe Euskal Herriko talderik garrantzitsuenetako bat dira. Ea zer irteten duen!

Zerk erakartzen zaituzte Euskal Herriko musika panoramatik?

Myriam: Proiektu pertsonalak aurrera eramaten saiatzen diren talde eta bakarlariak.

Eta zer ez duzue gustuko?

Myriam: Horri oztopo egiten dion edozer gauza.

Zer eskatzen diozue musikari?

Jon: Ez dakit. Ez diogu ezer berezirik eskatzen: guk ondo pasatzea, eta, ahal bada, entzuleek ere ondo pasatzea.

KONTZERTUA

Taldeak. Gora Japon eta Inoren Ero Ni.

Lekua. Gernikako Trinkete aretoan.

Eguna. Gaur, 22:00etan.

No hay comentarios: