2011-05-15
EZARIAN
Emakumeak, makilak eskuetan
Bateria gizonari lotutako musika tresna izan da. Garaiak aldatzen ari dira, ordea, eta gero eta emakume gehiago ari da bateria jotzaile, danborrak eta platerak astintzen.
ILARGI AGIRRE
Harridura sortzen dute oraindik, gutxiengo direlako oraindik, gero eta gehiago diren arren. Haien zereginean jarraitzen dute, hala ere, denbora kontrolatu nahian, erritmorik ez galtzeko esfortzuak ahituz. Ez da ohikoena kontzertu batean, taula gainean, emakume musikariak ikustea, baina are eta ezohikoagoa da danborrak eta platerak astintzen dituen pertsona —entzuleen begietara erdi ezkutuan geratzen den musikari hori— neska izatea. Bartzelonan argitaratzen den Batería Total aldizkariak, ehungarren zenbakia ospatzeko ateratako ale berezian, 44 musikarirekin osatutako zerrenda bat egin zuen. Guztiak gizonezkoak ziren, tartean Euskal Herriko bost. Ez zen emakume bat bera ere agertzen. Leku batetik bestera egoera aldatu egiten da. New Yorken, esaterako, bateria jotzen duten emakumeei zuzendutako aldizkari bat kaleratzen dute: Tom Tom magazine. Hiruhilabetekaria da, eta emakumezko bateria jotzaileak dira artikuluetako ardatz. Euskal Herrian ere badira hainbat. Horietako hiru dira Carmen Martinez, Las Culebras taldeko bateria jotzailea; Miriam Petralanda, Gora Japonen aritzen dena; eta Nerea Quincoces, Free the Wheelekoa.
MYRIAM PETRALANDA. GORA JAPON TALDEKO BATERIA JOTZAILEA
«Erritmoa eta indarra bi gauza desberdin dira»
I. AGIRRE
«Guk uste baino neska gehiago dabiltza bateria jotzen», dio Myriam Petralandak, Gora Japon musika taldean makilak hartzen dituenak. Haren esanetan, musika taldeekin ematen den fenomeno bera gertatzen da emakume bateria jotzaileekin: «Izenik lortu ez duten talde mordoak sortzen du musika gure inguruan, eta ziur nago ezagutzen ez ditugun emakumezko bateria jotzaileak ere asko direla». Jendea dezentetan joan izan zaio —garai batean orain baino gehiago— emakumea delako arretak erakarrita. «Indarrarekin zerikusia duten esaldiak izaten dira, normalean. 'Emakumea izateko indartsu jotzen duzu' eta horrelakoak esaten dizkidate. Baina nik ez dut gaizki hartzen, ez diet garrantzirik ematen, eta kito», dio Petralandak. Haren irudikoz, rocka, musika estilo moduan, indarrarekin lotu izan da betidanik, eta bateria ere bai. «Baina aurreiritziak besterik ez dira. Argi dago erritmoa eta indarra bi gauza ezberdin direla». Kasualitatez murgildu zen bera musikaren eta erritmoaren munduan, 17 edo 18 urterekin kuadrillako mutil batzuekin batera musika talde bat sortzea otu zitzaienean. «Nik bateria hautatu nuen, baina inolako motibo zehatzik gabe. Ez dut oroitzen aurretik gogo berezirik izan nuenik instrumentu hori jotzeko». Taldearekin orduak eta orduak sartuz, aurretik ezer jakin gabe ikasi zuen bateria jotzen, berak bakarrik. Geroztik ere autodidakta da. «Ez dut, hala ere, ohiturarik eduki nik bakarrik bateria jotzeko, salbuespenak egon diren arren, tartean. Jendearekin abestiak sortzen ikasi dut dakidana, beste musikariekin entseatzen». Entzundako musikak ezinbestean eragiten dio musikariari, eta Petralandak ere badu iritzia musikaren eraginaren inguruan: «Popetik, rocketik eta bluesetik edan dut nik. Baina iruditzen zait, ohartu gabe bada ere, abestirik komertzial eta itsusienek ere arrastoa uzten digula guztioi». Argi dago musika komertzialetik kanpo dagoela Gora Japon taldearena. Aurretik, ordea, beste musika talde askotan jotakoa da Petralanda. Hor Nonbait izan zen lehenengoa. «Garai hartan, Dima inguruan lau talde bakarrik genbiltzan, eta horrek asko lagundu zigun». Ondoren, The Impresentables, Orbitnik, The Rabid Harpy eta Nadasen ere jardun zuen bateria jotzaile, harik eta 2005ean Gora Japon taldera iritsi zen arte. «Jon Mantzisidorrek eta biok lagun baten bidez ezagutu genuen elkar. Bilborocken Bilbo Gaua izeneko maratoia zegoen. Talde bakoitzari hiru abesti jotzeko parada ematen zieten, eta hantxe elkartu ginen bion lagun batek bazituelako abesti batzuk eginak. Hortik geratu ginen, ondoren, entseatzeko». Gora Japonek disko bat du, Bidehuts zigiluarekin kaleratutakoa. Hainbat musikarik kolaboratu dute diskoan, Atom Rhumbako Rober abeslariak eta Maite Arroitajauregi biolontxelo jotzaileak, adibidez. Azken kontzertuak hirukote gisa eman dituzte, Lorea sartu baita taldera; teklatuaz eta haizearen atalaz arduratzen da hura.
CARMEN MARTINEZ. LAS CULEBRAS TALDEKO BATERIA JOTZAILEA
«Koordinazio hobea dute neskek»
I. A.
Ez zuen patuak bultzatu Carmen Martinez bateria jotzera. «Nik klarinetea ikasten nuen kontserbatorioan, baina betidanik izan nuen gogoa bateria jotzeko. 17 urterekin nuen mutil-lagunak bazekien hori, eta nire urtebetetzean bateria zahar bat oparitu zidan. Horrelaxe hasi nintzen», oroitu ditu hastapenak. Hainbat irakasleren eskuetatik pasatu da geroztik, eta bere eskuetan ere izan ditu zenbait ikasle, orain gutxira arte. «Eskolak hartzeari utzi egin diot, baina hasi behar dut, berriz. Eta irakasle hiru urtez-edo ibili naiz, baina beste lan bat ere banuen, eta nekagarria zen biak uztartzea». Las Culebras taldeak bi disko argitaratu ditu, eta hainbat kontzertu eskaini Euskal Herritik kanpo. Ingalaterran, Frantzian eta Portugalen emanaldiak eman dituzte, besteak beste. Gasteizko Azkena Rock Jaialdian ere izan ziren. Lau kidek osatzen dute taldea, eta laurak dira emakumeak. «Ez zen nahita hartutako erabakia izan, horrela suertatu zen. Ni ez naiz hastapenetatik egon, taldea sortu eta urte batzuetara sartu nintzen. Bateria jotzaile baten bila zebiltzala jakin nuen, eta harremanetan jarri nintzen haiekin. Aurreko bateria jotzailea, esaterako, gizonezkoa zen». Emakumez soilik osatutako taldea izateagatik ez dute bazterketarik edo aldeko traturik izan. «Egia da batzuetan ateak ireki dizkigula horrek; musika jaialdi ugari antolatzen dituzte neskek bakarrik osatutako taldeentzat, musikaren mundu maskulinoan ditugun zailtasunak ikusita. Baina, aldi berean, ateak ere itxi izan dizkigu, emakumeak izateagatik maila txikiagoa izango dugula uste baitute beste askok». Nolanahi ere, euren egitekoa ahal bezain ongien egiten saiatzen direla garbi du. Esaldi matxistak entzun behar izaten dituzte tarteka, ordea: «Azken kontzertuan, adibidez, gizon bat etorri zitzaidan esanez oso ondo jotzen nuela eta gizonezkoen talde batean ere egon nintekeela». Eskolak ematen zituenean ere guraso asko harritu egiten ziren lehenengo egunean, bateria irakaslea emakumea izatea ez zitzaielako burutik pasa ere egiten. Hala ere, baikorra da, gero eta neska gehiago ikusten baititu taula gainean. «Ni hasi nintzenean hemen inguruan ez nuen bateria jotzen zuen emakumerik ezagutzen; orain, berriz, badaude batzuk». Irakasle zela ere nabaritu zuen gorakada. Lehenengo urtean 25 ikasletatik neska bakarra izan zuen, eta hurrengo ikasturteetan hiru edo lau joan zitzaizkion. «Emakume izateagatik musikari okerragoak garela uste duena oso oker dabil. Nire kasuan, behintzat, neskak oso ikasle finak izan dira. Mutilek baino koordinazio hobea eta konstantzia gehiago izaten dute, normalean», azaldu du.
NEREA QUINCOCES. FREE THE WHEEL TALDEKO BATERIA JOTZAILEA
«Perkusioa ez da kolpeak ematea soilik»
I. A.
Gaztea izanagatik, gauzak garbi ditu Nerea Quincocesek. Batxilergo musikala ikasten ari da perkusio klasikoaren adarretik, eta Bilboko erdi mailako kontserbatorioan hartzen ditu klaseak. Bateria ere jotzen du Free The Wheel izeneko taldean. «Bederatzi urterekin hasi nintzen perkusio klasikoarekin, eta orain dela urte batzuk ikusi nuen niri benetan gustatzen zitzaidana musika zela. Gogoratzen naiz erdi amorratuta atera nintzela behin eskolatik matematikako azterketa bat ez nuelako gainditu, eta haserrealdi hartan ohartu nintzen musikak izan behar zuela nire bizitzako ardatz», oroitu du Quincocesek. Ordurako kontserbatorioan zebilen erdi mailako zikloa egiten, baina bere kasa jotzeko gero eta «denbora gutxiago» zuen ikasketak zirela-eta. Batxilergo musikalarekin aurre egin dio arazo horri, neurri handi batean. «Goizetan irakasgai arruntak ditugu, filosofia, historia eta gaztelera, esaterako. Hautazko irakasgaiak, berriz, kontserbatorioko eskolek osatzen dituzte: perkusio klasikoa, musikaren historia eta kamarak, beste batzuen artean», dio Quincocesek. Perkusio klasikoak hainbat instrumentu hartzen ditu bere barnean: tinbalak, orkestrako instrumentuak, kaxa, marinba, xilofonoa eta bibrafonoa. Noizean behin, ordea, bateria ere jotzen dute eskoletan: «Lehentasuna klasikoari ematen diote, hala ere, kontserbatorioan. Nik bateria gehiago ikasteko gogoa nuen, eta horregatik jo nuen iaz akademia pribatu batera». Hori da bateria jotzen ikasi eta sakontzeko biderik eraginkorrenetako bat. «Ezagutzen ez nauten askok esaten didate ez dudala bateria jotzaile izateko itxurarik. Harritu egiten dira», azaldu du Quincocesek, irribarrez. Free The Wheel taldearekin kontzertuak eman eta taula gaina beste musika banda batzuekin partekatu duenetan musikari gehienak gizonezkoak izan direla dio. «Gasteiztik etorritako Turboneskak taldea izan zen salbuespena, baina bateria jotzailea gizonezkoa zen. Ez ditut, egia esan, emakumezko asko ezagutzen». Free The Wheelen neskak dira kide guztiak. Maketa bat daukate grabatuta, eta hainbat kontzertu eman dituzte. Hurrengoa maiatzaren 26an izango dute, Bilborock aretoan, Jet Lag Bio jaialdian. Rocka eta klasikoa alderatzeko eskatuta, bigarrengoan ere oraindik gutxiengo direla dio. «Badaude, hala ere, flauta, oboea eta era horretako instrumentu femeninoak». Batzuek perkusioa gutxiesteko duten joeraren inguruan kexatu da, gainera: «Edozeinek egin dezakeela pentsatzen dute, kolpeak ematea bakarrik dela. Baina ez da horrela». Etorkizunean klasikoan ikusten du bere burua, bateria alde batera utzi gabe, betiere. Hurrengo urtean goi mailako sarrera proba egiteko asmoa du: «Ez da erraza sartzea. Musikenen, adibidez , klasikoko bi plaza bakarrik atera dituzte aurten, eta hogei pertsona inguru aurkez daitezke. Musikariok estresak jota bizi gara, askotan».
No hay comentarios:
Publicar un comentario