Obra biziak
Ixiar Rozas
2221. zenbakia | 2010-03-07
Kosta egiten zait belaunaldi berriez hitz egitea. Batetik, ez dudalako neure burua horretarako behar bezain adinekoa ikusten. Eta bestetik, ez dudalako onartu nahi balizko hizkuntza berri horren erantzukizuna besteena, gazteagoena, behar duenik. Ez zait bidezkoa iruditzen zama datozenengan jartzea, errazegia da, sofan eroso eserita dagoenaren begirada litzateke hori. Denona beharko luke ardura. Geurea. Gu honen barruan zer sartzen den norberak erabaki dezala.
Neuk behintzat subjektibitate berriez osatutako gu batean sinesten dut, ahoa betetzen duten hitz handietan sinesteko behar den ez dakit zer hori aspalditxo galdu bainuen. Horregatik jartzen dut indarra, kemena eta sineskera subjektibitate berriek, bitxiek, singularrek egin dezaketen horretan. Argitze modura: subjektibitateek ez dute norbanakoak eraikitako gizarte berekoia helburu, aitzitik, identitate finko eta mugiezinari muzin egiten dioten subjektibitateak dira. Transgenerazionalak. Afektuen politika bat bilatu, gorputzekin elkarri lotuta dagoena.
Esperientzia hitza aipatu zuen Anak orain bi aste. Gure gizartearen arazoetako bat –beste bat– esperientziak gure bizitzetatik kanpo gertatzen direla da, eta gu haiei begira egoten garela. Aspaldi iragarri zuen Benjaminek esperientziaren pobrezia, gerrarteko urteetan hain zuzen ere. Bestalde, ezaguna da Benjaminek Paul Kleeren Angelus Novus koadroari buruz idatzi zuena. Aingerua atzera begira dago, hondamendia erakusten du hegal batekin. Bestearekin berriz, etorkizunera begira dago dagoeneko. Oteizaren arraunlariek ere atzera begiratzen dute aurrera egiteko. Gehiegi luzatu gabe, interpretazio posible bat: iragana, oraina eta etorkizunaren bat egitea lortzen duen denbora bat, non iraganaren erreskate moduko bat lor daitekeen.
Denbora istanteko kafe kikara baten modura kontsumitzen eta geure esperientzia propioak eraikitzeari uko egiten jarraitzekotan, “arnasaren liraintasun guztia galduta, tristeak eta gaizki irudikatutako panpina tonto horien antzekoak izango gara bihar haientzat, dena heriotzara murriztu duen argizari museo batean”. José Luisen joan den asteko hitzak dira.
Badago argizari museo batean hilda egoteari uko egin eta obra biziak sortzeari ekin zion artista bizigarri bat. Horretarako zekiena desikastea erabaki zuen nolabait, hau da, zekiena aldarrikatu edo modu agerian erakusteko inongo beharrik gabe. Zekien guztia, bidean ikasitakoa, bere obra bizietan disolbatu zuen, besteen gorputzengan pertzepzioak, sentsazioak eta afektu berriak bilatuz. Ligya Clark (1920-1988) brasildarrak 60ko hamarkadan berebiziko erabakia hartu zuen: bere lan artistikoek ekintzaren bitartez bakarrik izango zuten zentzua. Performatiboak izango ziren edo ez ziren izango. Museotan eta galerietan erakusten jarraitu eta egun haren lana nazioarteko museo handitan dagoen arren, artxibo bizi modukoak bilakatu dira bere garaian zuten indar estetiko edota klinikoa guztiz galdu gabe.
Hona esperientziari sartzen uzten dioten eta subjektibitatearen ertzak beste norabide batean zabaltzen dituzten errepresentazio eta sormen lan batzuk: Idoia Zabaleta eta Antonio Tagliariniren Royal Dance, eta Rabih Mroué libanoarraren Three Posters performanceak; Pier Paolo Pasoliniren La Rabbia filma; Annie Ernauxen Lekua eta Chantal Mallarden Hilos liburuak; Gora Japon, Anari eta Mursegoren azken diskoak eta zuzenekoak. Gehiago badira, jakina. Gutxiago ere bai.
No hay comentarios:
Publicar un comentario