lunes, 9 de febrero de 2009

entzun aldizkaria-diska kritika. 2009-I-20


(crítica del disco de gora japon publicado en entzun! en enero del 2009)

http://www.entzun.com/discos_view.php?uuid=1411

Gora Japon (BideHuts)
Matadeixeko kontzertu hartan aho bete hortz geratu nintzenetik zalantza eta irrikia nuen buruan. Nola eraman freskotasun liluragarri hura disko grabaketa batetara? Nola transmititu musikaren jolas moduko gozamen hura? Nola gorde tentsioa, goxotasuna, berotasuna, energia geldiezin hura?
Erantzuna taldearen izen bera duen disko zoragarri hau da. Distira eta arrakasta osoz galdera guzti horiei baietz, posible dela esaten dien maisulana. Gitarra eta bateria soileko bikotean oinarritzen da beraien soinua. Beste batentzat material tinko eta mugatua litzatekeena Jon eta Myriamen eskuetan malgua eta kolorez betea bihurtzen da. Sintesia da nire ustez beraien ezaugarririk miresgarriena. Gitarra, ahotsa eta elektronika, haize edo txelo ukitu bakan eta sotil batzuez baliaturik abesti motzak sortzen dituzte. Iraupena motz baina irudimena amaigabea. Azalean sinple dirudienak milaka ideia, influentzia eta joera ezkutatzen ditu. Rock/punk/no wave muina funk-era, blues-era, karibear erritmoetara… edozertara moldatzen da, forma etengabe aldatuz eta nota bakoitzari atentzioa jartzeko eskatuz.
Bihurria da Gora Japon-en musika. Ume bihurri batzuen antzera, lotsarik gabe, kuriositate eta esperimentatzeko gogoz beterik maldan behera abiatzen da. Abestien hitzek, motzak, xinpleak eta kriptikoak aldi berean, ingelera, euskara, gaztelania eta portugesa nahastuz sentsazio hori areagotzen dute.
Une askoetan Talking Heads datozkit burura, inongo kopiarik egin gabe, haien freskotasun, irudimen eta maisutasunaren oinordeko direla iruditzen zait. Haiek bezala disko eta abesti handi asko emango dizkigutelakoan nago. Hau hasera besterik ez da.
Antton Iturbe

No hay comentarios: