domingo, 7 de diciembre de 2008

Entzun aldizkaria 2008-XII-07







GORA JAPON + ROBER! 2008ko urriak 25, San Frantziskoko Auzo Etxea (Bilbo) – XABIER MONTOIA, 2008ko azaroak 1, Gaztetxea (Gernika)

Bi emanaldi, bi formatu, bi toki, bi modu berezi: Bilbon, Talka Egin – Talking! Gerra Hotzaren garaiko zinema zikloaren barruan; Gernikan, berriz, Kafea eta Galletak disko entzunaldien barne.

Gora Japon eta Rober!

Lehenengoan, Gora Japon (adi hauen estreinako diskoarekin, bidehuts zigiluaren eskutik) eta Rober! Atom Rhumbako gidaria. Hirurak, bi gitarra eta bateria, -Jon Mantzik teklatuak ere jo zituen lantzean behin-, makina bat filmen soinu bandak egokitzen. Maraka astinduak, gitarra ukitu minimalak, ahots jokoak, eta bateria erritmo tribalak, besteak beste, Ghostbusters, Mad Max, The Sound of Music eta Wild at Heart pelikuletako soinuak txikitzen irudimen handiarekin. Publikoak pozik eta ezustean hartu zituen eraldaturiko doinuak, baina ziur gaude taldeak askoz hobeto igaro zuela zeluloideko melodiak itxuraldatzen. Ordu erdi inguruko saioa, bitxia, jakin-mina pizteko modukoa, eta kerik gabekoa.




Bigarren kontzertua aldiz, Gernikan: Xabier Montoiaren saioa, Slint-en Spiderland diskoa beste 15 lagunekin batera entzun ostean. Urteak igaro dira M-ak taldeko kide ohia agertoki batean abesten ikusi genuenetik. Ezker-eskuinean bi gitarra: Ibai (Borrokan) eta Ibon (Eten), azken horrek noizbehinka armoniuma ere jo zuen. Emanaldi semiakustikoa, 30 minutu ingurukoa, 50 lagunek eragindako isiltasuna nagusi, foko gorriaren berotasuna, kandelak mahai gainean, eta Montoia, maisu, publikoarekin bikain komunikatzen. Hirukotea artega hasi zen, baina doinu leunek aurrera egin zuten heinean eroso agertu zen. Publikoak nabaritu zuen eta eskertu ere. Montoiak oraindik bluesa gordetzen du!

Kontzertuak egiteko modu irudimentsuagoak egiterik badirela erakusten duten bi ekimen, bi saiakera, bi esperientzia, bi ordu erdi… gozagarri.
Julen Azpitarte

No hay comentarios: