miércoles, 24 de junio de 2009

ia dena 2009-06-24 nontzeberri


2009-06-24
MANTXIREN HAUSNARKETAK KOMIKI FORMATUAN

Jon Mantzisidor zumaiarrak ezizen desberdinekin urteetan argitaratu dituen komikien bilduma plazaratu du Ia Dena izenburupean. Joan den astean egin zuen lan honen aurkezpena Bilboko Anti-liburudendan. Helduentzako umorea, eguneroko gaien ikuspegi pertsonala eta absurdorako joera dira, besteak beste, zumaiarrak marrazten dituen istorioen gaiak eta ezaugarriak.

Berak hala kontatu digu:

Ia dena.Komiki bilduma 1997-2007 da liburuaren izenburu osoa eta auto-ekoizpenera jo duzu berori plazaratzeko. Zerk bultzatu zaitu zure lanak plazaratzera?

Hasiera batean herriko aldizkarian kolaboratzen nuen, eta haiei laguntzeko egiten nituen, ez nuen nire burua komikilaritzat; orain ere ez. Gero Euskaldunon Egunkaria, Berria, Aizu! eta holakoetan ibili naiz. Ia dena urte hoietako ibilibidearen laburpen moduko bat da.

Liburuak eskuratzen duenak zer gai, zein hausnarketa, zein kritika, zer iradokizun topatuko du? Absurdokeriarik?

Ba, denetik dago, politika, gizarte gaiak, edozein txorakeriari buruzko hausnarketak,… Egin eta gero konturatu naiz komiki batzuk momentu oso konkretuei erantzuten zietela, eta ez dakit nola ulertuko diren orain, kontestua aldatua dagoenean. Ez da gauza bera Subcomandante Marcos egunero telebistan azaltzen zen garaia edo orain,…



Tituluan Ia dena jarri duzu. Estatistikak osatzeko erabiltzen diren "tarta" berdinak erabili dituzu zuk hori deskribatzeko. Zer adierazi nahi izan duzu?


Aurrena izenburua zegoen eta gero jarri genion irudia. Argitaratutako ia dena bildu dugu, egia esan laburpen bat da; beste asko gelditu baitira kanpoan. Jakintza entziklopedikoa eta sasi-zientziaren ideia ere badago, komiki askotan ere holako gauzak agertzen ziren eta horregatik estatistika zirkuluak.

Hamar urteko ibilbidea agertu nahi izan duzu lan honekin. Beste hamar urte ikusten dituzu aurretik estilo edota forma berberarekin ala garapen garaian ari zara?

Ez, ez dut ikusten beste hamar urtetan, dagoeneko utzi nion argitaratzeari, joan den urtean. Agian egingo dut beste zerbait, baina ez komiki moduan. Auskalo.

Komikian aritua zara baina musikan ere aritzen zara Gora Japon taldearekin. Ikus-entzunezkoak ere egin dituzu (Iturriak). Non izaten zara gusturago? Polifazetikotzat duzu zure burua?

Ba, erantzun tipikoa da baina medio bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta ezin dira konparatu. Momentu honetan musikari eskaintzen diot denbora gehien.

Joan den urtean atera zen Gora Japon taldearen lehen lana. Nolako ibilbidea izan du lan horrek? Pozik zaudete? Besterik hemendik aurrera? agian Mursegorekiko lankidetzan?

Bai, pozik gaude. Diskoa ondo saldu da eta nahiko kontzertu eman ditugu negu aldean. Orain gauza berriak frogatzen gabiltza. Sampler bat ere utzi digute eta uda honetan kantu berriak prestatzen ibiliko gara. Eta Mursegoko Maite aspalditik da laguna eta bai Gora Japonekin eta bai bestela ere jo izan dugu elkarrekin, eta ziur joko dugula aurrerantzean ere.



http://www.nontzeberri.com/ezlekubat/template_permalink.asp?id=45

miércoles, 17 de junio de 2009

ia dena + mursego 2009-VI-19



Aurkezpen bikoitza: 
"Ia dena" jon mantxiren komikia eta "bat" mursegoren lehen diskoa.
kontzertua: mursegoren kantuak, bertsioren bat eta komiki-errezitaldia.

Presentación doble:
 "Ia dena" comic recopilatorio de jon mantxi (gora japon) y "Bat" primer disco de mursego. Mini concierto: temas de mursego, versiones y  comics recitados a cargo de mursego (viloncello, voz, autoharp, ukelele,...) y jon mantxi (guitarra, voz, tecladillo).

2009-VI-19 ostirala-viernes.
anti liburudenda, 2 de mayo kalea, bilbo. 20.30

--------------------

Urola kostako
HITZA
2009-VI-10

JON MANTZISIDOR Ð- KOMIKILARIA
«Ez dago komiki irakurle askorik, are gutxiago euskaraz»
Kultura

1997 eta 2007 urteen artean ezizenekin argitaratutako hainbat komiki aukeratu eta liburu batean bildu ditu zumaiarrak

ONINTZA LETE
komiki liburua
Ez da geldirik egotekoa Jon Mantzisidor (Zumaia, 1973). Musikari bezala hainbat taldetan aritua, diskoa kaleratu zuen iaz Gora Japon taldearekin eta orain komiki liburu bat argitaratu berri du, 1997 eta 2007 urteen artean berak egindako hainbat lan bilduta. Hedabide askotan argitaratutako komikiak nahiz inoiz argia ikusirik gabeak aukeratu eta Ia dena. Komiki bilduma 1997-2007 liburua egin du. Zumaiako zenbait tabernatan eta Euskal Herriko hainbat liburu dendetan salgai dago jada.

Zer aurkituko du komikizaleak argitaratu berri duzun liburu honetan?

Izenburuak dioen bezala 1997tik 2007ra egindako komikiak biltzen ditu. Lehenago hasi nintzen argitaratzen, 1993 inguruan, Baleike herri aldizkarian. Hala ere, 10 urteko ibilbidea biltzea egokiagoa iruditu zitzaidan.

Zer azpimarratuko zenuke liburutik?

Bada, egunkarietan azaldutako nire komikiak gustuko zituen irakurleak hortxe izango dituela denak bilduta. Baita inoiz argitaratu ez zirenak edo zentsuratuak izan ziren batzuk ere.

Komiki guztiak zureak dira baina zure izenik ez da agertu inoiz orain arte; zergatik?

Hala da, hainbat ezizenekin argitaratu izan ditut komikiak hainbat hedabide tan. Ezizenak erabiltzearena ez dakit zergatik egin nuen; ez da asko pentsaturiko gauza bat izan, jolas moduko bat baizik.

Orain 10 urteko lana zure sinadura erabiliz liburu batean jasotzea erabaki duzu. Aspalditik zenuen ideia al zen?

Lehen aipatu bezala, hainbat hedabidetan kaleratu nituen komikiak 10 urtean baino gehiagoan; Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietan, Baleike, The Balde eta Aizu! aldizkarian eta beste hainbat hedabidetan. Egunkarietan azaldu zirenek bereziki oso izaera iragankorra dute eta, egunkari bat gordetzen ez den moduan, pentsatzen dut komiki hauek ere galduta zeudela dagoeneko. Beraz, horiek bildu eta batera jarri ditut aukeraketa bat egin ondoren. Jada komikiak egiteari utzi nionean pentsatu nuen ordenagailuko karpetetan eta paperetan zabalduta zeuden gauzak biltzea ondo egon zitekeela.

Ez eskualdean ez Euskal Herrian ez da oso ohikoa komiki liburu bat argitaratzea, ezta?

Ez da erraza era honetako lanak argitaratzea, ez baitago komiki irakurle askorik, are gutxiago euskaraz.

Zenbat denboran bildu duzu dena?

Hilabete batzutan ibili gara aukeratzen eta liburuaren formatu berrira moldatzen Iñaki Rodriguez diseinatzailea eta biok, tamaina eta formatu oso desberdinetakoak baitzeuden.

Liburuan bereziki gustuko duzun komikirik ba al dago?

Bai, badaude batzuk gustukoago ditudanak, atenporalagoak direnak edo zerbait berezia dutenak. Beste batzuk memento jakin bati lotuago daude, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenekoak edo eguneko berriei buruz zirenak kasu. Hauek garai baten testigantza moduan ikusten ditut.

Komikilaria izanik, komikizalea ere izango zara, ezta?

Umetan oso komikizalea nintzen, bai; orain, berriz, gutxiago.

Zein liburu edo komiki duzu gustukoen?

Ez nuke jakingo esaten, Euskal Herrian Zaldieroa gustatzen zait eta kanpokoen artean Beto Hernandezen Palomar izeneko liburu sorta.

Zer berezitasun dute bi egile horiek?

Zaldieroa oso kritikoa da, baina aldi berean errespetuz lantzen ditu gaiak. Munduko fatxa-rik handiena marraztu dezake, baina gaiztakeriarik gabe. Gustatzen zait. Beto Hernandezen komikia, berriz, Mexiko aldeko kulebroi bat da, oso interesgarria.

Zure ustez zer behar du komiki batek ona izateko?

Dituen helburuen eta hartzailearen arabera, asko alda daiteke; oso marrazki landuak izan ditzake edo oso sinpleak, oso istorio gogorrak edo oso alaiak. Mila eratakoak izan daitezke, ez dut uste formula bakar bat dagoenik.

Aurrera begira antzeko beste proiekturik ba al duzu buruan?

Mementoz ez.


komiki liburua


Ia dena. Komiki bilduma 1997-2007

Egilea. Jon Mantzisidor.

Hizkuntza. Euskaraz.

Orrialde kopurua. 104.

Kolorea. Zuri-beltzean.

Argitaletxea. Autoekoizpena.

Banaketa. Elkar argitaletxeak.

Prezioa. 10 euro.

Salgai. Ohiko dendetan erosi ahalko da. Horretaz gain, Zumaian Ihintza eta Kabi tabernetan egongo da salgai eta Bilbon, berriz, Anti, Jocker eta Zinco komiki dendetan.

miércoles, 10 de junio de 2009